XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bi begitxo zuri-beltzezko begirada zoli eta mugagabez geroari so.

Aurpegiaren goialdea, izpirituari dagokiona, hortxe dago bekoki eta sudur gisa begi gainean eta tartean, liburuari izena ematen dioten letraz ehoa.

Azaletik bertatik euskararen garapenaz ametsetan dirudi.

Haren etorkizunari bide eman nahirik diharduten lankide maratzen fruitu xumea.

Sinonimoen Hiztegia nahiko txiki sortu zen 1983.urtean, liburuska baino handixeago, baina hiztegi arrunten gorputza hartu gabe.

Euskarak normalizaziorantz daraman bidean kokaturik, urrats berria izan nahi zuen Sinonimoen Hiztegiak.

Halaxe gertatu zen: berri-berria, lehenengoz ekin bait zitzaion edu horretako lanari. .

Eyheralarreko apaizak, euskal idazleen aitzindariak hitz hauek oihukatu zituenetik, urratsik asko eman du gure hizkuntzak, baina sukalde epelean errauspean txingarra bailitzan, gori zirauena, hirirako eta bizitza modernorako trebatu gabe, moldagaitz, landu gabe zegoen.

Emeki-emeki giro arrotza gaindituz, egoera berrira egokituz eta trebatuz joan behar erronka berriei erantzun ahal izateko.

Ia guztia egiteko dagoenean, behar-beharrezko, oso garrantzitsu bihurtu ohi da honelako ahalegina; azken irrintzia ez bada ere, geroan segida izango duten urrats tinkoagoen abiada bai.

Eskuartean duzun liburu hori, lehengoaren helburu berberekin sortu arren, hots, lehengo lepotik burua izan arren, liburu ezberdintzat jo genezake.

Lehengo hiztegi baliagarri baina xumea hazi egin da, hitzez hornitu, kopurua bikoizteraino; (19.500 adiera ditu).

Nagustu eta gorputz handiagoa harturik, bera-beratara eta aske ibiltzeko ordua heldu zaio, haren hari eta hazitik badator ere.

1. BI LIBURUEN ARTEKO ALDEA Aurreko Sinonimoen Hiztegiaren haritik egina izanik, harekiko bereizketa hauek azpimarratuko genituzke: a) Albait eta orrazketarik zehatzena egin genion lehen hiztegiari, bai ortografiari dagokionez eta bai edukinari dagokionez.

Lehen egitekoa, beraz, hiztegia handitzeari ekin orduko, kritika-senez hura goitik behera arakatzearena izan zen.

b) Bigarren aldaketa larria, hitz eratorrietan, metodologiari zegokiona zen.

Liburu zaharrean metodo trinkoegia erabili zela deritzogu argitasunaren kaltetan.